Ondareak
Ondareak
Herrigunea eliza eta udaletxe inguruan dauden hogei bat eraikuntzek osatzen dute. Lau auzo daude: Illar-aldea, Agiñamendi, Urdanpileta-aldea eta Beizamari dagokion Nuarbeko aldea; horiek udaleko eraikuntza guneak osatzen dituzte. Nekazal lan ezak, bizilagunez hustu zuen arte, Amenabar baserri inguru guztiak ere, auzo izaera zuen, Amenabar izenekoa hain zuzen ere.
Erliebe hain malkartsuak, mendi hegi batean kolokan kokatutako herri gunearen itxura baldintzatzen du nabarmenki. Eraikuntzek inguruarekiko integrazio maila handia dute, ia ez dagoelarik paisaiarekin bat ez datorren elementurik. Aipatu beharreko gauza bakarra, Eskola-Berria da, gainontzeko eraikuntzekin bat ez datorrelako guztiz. Eskola egiterakoan adreilua erabili izanak -eraikuntza mota hauetan sarri erabiltzen direnak bestalde- neurri batean, harrizko eraikuntzak diren multzo arkitektonikoa distortsionatzen du.
XIX.mendeko bigarren erdi aldean gertatutako herri hustuketen ondorioz, hutsik geratutako baserriak asko dira. Eta hori da, behar bada, ondare arkitektonikoa jasaten ari den zarpaildura nagusia.
Garrantzi Arkitektonikodun Elementuak:
Eliza
Beizamako eraikuntzarik zaharrena da. Seguruenik, XVI eta XVII. mende artean hainbat alditan egindakoa da. Elementu gotikoak ditu, baina gotiko ondorengo garaietan egindakoak. Pizkunde garaiko estiloa du, nahiz eta kupula erdiesferikoan amaitzen den dorre karratua 1928an bukatua izan. Portada, klasiko garaikoa du, hiruki itxuradun frontoiarekin.
Hala ere, urteetan zehar egin diren berrikuntzak ugariak dira, eta aipatzekoa da XIX.mendean hilerri berria eraikitzeari ekin ziotela, eliz barruko hilobietan egindako azken lurperatzea 1809. Urtean izan zelarik. Bitxikeri bezala, hilerri berrian lurperatutako lehena Cacereseko Trujillo herriko Antonio Gomez izeneko bat izan zen, ziur aski, Independentzia gerrateko soldadu bat. XX.mendean organu berria jarri zen.
Udaletxea
Elizaren parean dago, plazaren beste aldean. Udaldetxearen egoera txarra ikusita, Beizamako Udalbatzak Udaletxe berria egitea erabaki zuen 1673.urtean.
1761 eta 1783. urteetan berrikuntza garrantzitsuak egin ziren. Aipatutako azken urtean, Udaletxe berria egitea ere pentsatu zen, baina asmoak ez zuen aurrera jarraitu.
Udaletxeak, udal gobernu funtzioa izateaz gain, taberna, gartzela eta eskola ere bazituen etxe berean.Eraikuntza honen gizarte eta ekonomi garrantzia nabarmena da. Horregatik, ez da batere arritzekoa jende askok nahi izatea maizter bati ematen zitzaion udaletxearen hustiapena.
Haritz zuhaitz bakar batekin egindako mahai bat du eta udal aretoan aurkitzen da.
Ermitak
Gaur egun Beizaman bi ermita daude, San Lorentzo eta Soledadeko Andra Mariaren ermita. Bazegoen hirugarren bat ere, Santa Agedakoa, baina hura 1799an desagertu zen.
San Lorentzoko ermitak Agiñamendi auzoan, Urrakiko bide zaharraren aldamenean dagoenak, duen ezaugarri nabarmenetakoa koru azpian duen landutako zurezko koskadun egitura da. Beizamako lehengo parrokia izan zela esan ohi da. Agiñamendi Udaleko eremurik zaharrena delako pentsatu zen hori, baina esan beharra dago ideia hori ez dela oso segurua.
Soledadeko Andra Mariaren ermita Beizamatik Tolosara doan errepidearen ondoan dago, Tolosarako bidean ezkerraldera, herrigunetik oso gertu. Ermita honetara ohitura zen uzta on eskean otoitz egitera joatea. Ermitak, gurutzbide txiki bat du.
Baserriak
Lehenago aipatu dugu baserrien hustuketak suposatzen duen arazoa, horrek ondarearentzako dakarren kalteekin.
Amenabar-aldea auzoa da, fenomeno hori gehien jasan duena. Soilik baserri batek du armarria, Agiñanedi-aldea auzoko Estrata baserriak alegia.
Beste Elementu aipagarri batzuk
Aurrez aipatutakoak baino garrantzi gutxiago badute ere, interes arkitektonikodun beste elementu batzuk ere badaude.
Abade-etxeak eta Eskola-Zaharreko etxea. Aipatutako eraikuntzak herrigunean daude, eta duten tamainuak bereizten ditu. Ezaugarri hori, Beizamak garai batean izan zuen garrantziaren adierazgarri izan daiteke.
Merezi du Korosagasti baserria aipatzea, bertan bi emakume, ama-alabak, "Beizamako Krimena" deiturikoan hil bait zituzten. Hilketa ez zen guztiz argitu, eta zer esan ugari eman zuen 1926ko azaroaren 14ean.Baserri hau, hutsik ordutik ezkero, herrigunetik sei bat kilometrotara dago Eula Erreka sakaneko hegi batean, toki isolatu batean, lehen mandazainek Beasaindik, alde batetik, eta Tolosatik, beste aldetik, Azpeitira joateko erabiltzen zuten bideak gurutzatzen diren tokian.
Dorre etxea duela mende bat baino gehiago desagertutakoa, herrigunean zegoen eskola.
Arkeologi Industrialeko Elementuak:
Gari Errotak
Burdinoletan erabilitako errotekin batera, gari errota hauek nekazal giro honetako industri paisaiaren elementu azpimarragarrien eta adierazgarrienak dira. Errota kristau garai aurretik erabiltzen bazen ere, bere erabilpena ertaroan zabaldu zen. Kantauriar Euskal Herriari dagokionez ez dirudi XIII. Mendea baino lehenago erabiltzen zenik.
Beizaman, Nuarbe kontutan izan gabe, mende honen hasieran sei errota zeuden. Gaur egun ez da batere gelditzen. Baina Nuarben hiru errota zeuden eta gaur egun bakar batek dirau martxan. Beizamako ingurugiro garapenerako egitasmoaren barruan, herrigunetik gertuen dagoen Beizama-errota (lehen aipatutako sei horietako bat) berriztatzeko asmotan dabiltza.
Burdinolak
Gure inguruan zeuden errotetatik heren bat bakarrik erabiltzen zen burdina lantzeko, gehienak behientzako erabiltzen ziren.
Beizamako burdinola garrantzitsuena Nuarbeko Erraztiola zen; burdinola hau azken karlistadaren garaian desagertu zen, hau da, 1.871 eta 1.874. urteen artean.
Teiletxeak
Teiletxeak, teilak egosteko labeak baina besterik ez ziren gehienetan, eta normalki udalarenak izaten ziren. Beizamako teiletxea, gela eta labea zituen etxe txiki bat zen.
Karobiak
Eraikuntza lanetarako karea ateratzeko erabiltzen ziren karobiak, lan eta obra garrantzitsuak egin behar zirenean zabaltzen ziren gehienetan. Horrela gertatu zen baita ere elizako berrikuntza lanetarako.
Oraindik ere gordetzen dira horietako batzuren aztarnak.
Txondorrak
Burdinoletarako ezinbesteko lehengaia zen egur-ikatz ekoizpena, iharduera osagarria izan da tradizioz nekazal arloko biztanleentzat.
Baserrian lan haundiegirik ez zegoen garaietan bertako gazteek diru kopuru osagarriak lortzen zituzten lan horiek eginez. Sarritan, ezkontza bezelako gertakizun berezietarako beharrezko izaten ziren baliabide ekonomiko osagarri horiek. Musikaz eta kantuz egiten ziren ikazkinen joan etorriak alaiki ospatuak izaten ziren herrian.
Lan hori ugaria izan zela badirudi ere gutxi dira geratzen zaizkigun txondor aztarnak.